XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tuteran, Foru-plaza korridatarako oso egokia ez zela eta, bertako Ospitaleak biribil berria egitea pentsatu zuen.

1.841. urteko apirilaren 21ean lortu zuen Diputazioaren baimena horretarako.

San Martzialerako bidearen ondoan zimenduak ateratzen hasi ziren, baina obraren ezaugarriak ez ziren jendearen gustokoak gertatu eta esamesa franko zabaldu zen Tuteran.

Izan ere Ospitaleko batzordeak jaulkitako hogeitabost duroko akzioak jende askok hartu zituen (Plaza zaharreko etxejabeek ez zuten erosi) eta denek zuten nonbait eritzia emateko eskubidea.

Dena dela, 1.841. urtean santanatan Jose Carpena asentistak antolatu zituen korridak Foru-plazan.

Azken aldiz jokatu ziren plaza hartan, laster berria egin zutelako.

Gendulain eta Lizaso bertako ganaduzaleen zezenak Francisco Arjona Cucharesek toreatu zituen bere koadrilaren laguntzaz.

Kanpotik jende asko etorri zen korridak ikustera, eta zezen suharrak atera ziren.

Asentistak, zezenek zaldi guztiak hil zituztelako, kanpotik etorritako ikusleen zaldiak hartu zituen pikatzaileentzat.

Asmatzekoa da han sortutako istilua.

Zaragozan 1.841.ean ere korrida antolatu zuten urriaren 17an. Felipe Perez Laborda tuterarraren bi zezen (dibisa zuriz), Jose Murillo Ejeakoaren zezen bat (dibisa gorriz) eta Ejeako Ramon Lopezen beste bat (dibisa urdinez) toreatu zituen Francisco Montes-ek bere koadrilarekin.

Zezen bakoitza 2.56O erreal kostatu zen eta toreatzaileak 34.480 erreal.

Montes-ek bere koadrilan Isidoro Barragán ordezko ezpataria eta Antonio Sanchez Francisco Briones eta Antonio Lemos pikatzaileak eraman zituen.

Eta 1.841. urteko berriak ematen ari garenez, ezin dugu Jose Bentura Laka itziartarraren heriotzaren albistea alde batera utzi.

Abuztuaren bian hil bait zen Azpeitian, bezperan zezenak plazan harrapatuta egun zizkion zaurien ondorioz.

Istripu hari buruz zenbait idazlek geroztik berriak eman dituzte, eta guztiak ez dira zuzenak izan.

Jose Maria Busca Isusi jaunaren ustetan adibidez, Manuel Egaña Eulia (Ehulea) debarra izan zen Azpeitian zezenetan hila.

Baina Frantzisko Aldabaldetreku-k dioenez, Manuel Frantzisko Egaña Itziar toreatzailea, Deban 1.826. urtean Kale Zaharreko etxe txiki batean jaio zen eta herri bereko ospitalean hil zen 1.876.ean.

Guk frogatu ahal izan dugunez, Egaña ez zen Azpeitian hil.

Deban hil zen 1.874.eko urtarrilaren 23an arratsaldeko lauretan 47 urte zituela, kapitulu honetako eranskinean ipintzen dugun heriotz agiriaren arabera.

Beste idazle batzuk Azpeitiko zezenplazan (oraingo herriko plazan) hildakoa Jose Bentura Laka zela aitortzen badute ere, urtea finkatzerakoan huts egin dute.

Teresa Amuategi-k bere kontakizun politean 1.845. urtea aipatzen du.

Imanol Elias azpeitiarrak bere liburu bikainean berriz, Laka itziartarraren istripua 1.846. urtean gertatu zela dio.

Jose Bentura Laka ordea, Azpeitian 1.841. urteko abuztuaren bian hil zen, lehentxeago gaztigatu dugunez.

Horixe bait dio Azpeitiko parrokiako hildakoen bostgarren liburuak.

Hitzez hitz aldatu dugu kapitulu honen amaieran eranskin gisa.

Dena den, euskaraz labur emanda zera dio Jose Manuel Abalia parroko jaunak: Sakramentuak hartuta 1.841.eko abuztuaren bian, goizeko bederatzi t`erdietan, 51 urte zituela, Jose Bentura Laka, Deban bizi zena, Josefa Teresa Ibarraren senarra, hil egin zela; Jose Inazio Agirrezabalaga eskribauaren aurrean testamentua egin zuela eta hurrengo egunean Elizako Hilerrira eraman zutela.

Abalia parrokoak, azpian ohartxo bat idatzi zuen, Laka-ren azken nahia bete zela adieraziz.